XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizon bat autotik jauzi eta korrika doa atzeko atea zabaltzera.

Hurrengo arratsaldean mutilek ur-hodia eskatu eta break-a garbitzen dute.

Kanpotik eta barrutik garbitzen dute.

Handik gutxira emakumea irteten da autoz.

Takoi garaiak eta soineko polit bat darama.

Lan-ehizara, esango nuke.

Pixka bat geroago mutilak ikusten ditut, bainu-jantziak soinean, igerileku inguruan egonean.

Batek tranpolinetik salto egiten du eta beste muturreraino doa urazpitik.

Aurpegitik jaisten zaion ura puztuz eta burua astinduz.

Beste mutila, bezperan belaunak tolesten aritutakoa, ahuspez etzanda dago eskuoihal baten gainean igerilekuko beste muturrean.

Baina lehen mutilak igerilekuko mutur batetik bestera etengabe igerika jarraitzen du, horma ukitu eta oin-bulkadatxo batez itzulian abiatuz.

Beste bi pertsona daude bertan.

Hamaketan daude, igerilekuko albo bakoitzean.

Bata Irving Cobb da, sukaldaria Denny'senean.

Spuds deitzen dio bere buruari.

Jendea horrela deitzen hasi zaio, Spuds, Irv edo beste goitizenen bat deitu beharrean.

Spudsek berrogeitamabost urte ditu eta burusoila da.

Dagoeneko zezinaren itxura du, baina are eguzki gehiago nahi du.

Une honetan bere emazte berria, Linda Cobb, lanean dago hipermerkatuan.

Spudsek gauez egiten du lan.

Baina berak eta Linda Cobbek antolatua daukate larunbat eta igandeetan libratzeko.

Connie Nova dago beste hamakan.

Eserita dago, zangoetan eguzki-olioa ematen.

Ia biluzik dago; bikini ttiki bat du estalki bakarra.

Connie Nova zerbitzaria da taberna batean.

Duela sei hilabete etorri zen hona bere ustezko senargaia zen abokatu alkoholiko batekin.

Baina pikutara bidali zuen.